XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

HITZAURREA

Ikasle saiatu hori:

Batzuk arauemaile edo normatiboak dira (tradizionalak); beste batzuk, deskriptiboak (estrukturalistak); badira prediktiboak ere (generatibistak); azken urteotan testual deituak ari zaizkigu plazaratzen.

Esku artean duzun honek ez du molde jakin batera jokatu nahi izan, baizik izpiritu eklektikoz denetatik zerbait hartu eta aprobetxatuz, alegia.

Terminologia, metodo eta analisi jakin eta espezifikoetatik ihesi, eskolarako eredu koherente eta praktiko bat osatzera jo nahi izan du.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako D ereduko Euskara eta Literatura gairako eta Ostadar Proiektuaren ardatzean egina da berez eskuetan duzun ESKOLA GRAMATIKA hau.

Asmoz, etapa osoan (12-16 urte) baliagarri gerta dakizun dago pentsatua.

Gairen bat edo beste zailtxoa gertatzen bazaizu, beraz, ez zaitez gehiegi kezkatu.

Hizkuntzaren irakaskuntzako kontzeptu eta prozedurak ziklikoak hots, behin eta berriz aritzekoak direnez, lehenengo urtean ulertzen ez duzuna etaparen amaiera baino lehen egingo duzulakoan baikaude.

ESKOLA GRAMATIKA izaterakoan, beti ere Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Foru Erkidegoko Oinarrizko Curriculum Diseinuek DBHko Hizkuntzaren Arlorako erabaki eta agindutako edukietan erroturik dator eta berorietan ageri diren sostengu psikopedagogikoetan finkatua.

Euskaltzaindiaren azken arauak ere guztiz daude jasoak eta aplikatuak.

GRAMATIKA HONEN HELBURUAK

Goian adierazitako ezaugarri horiek bitarteko, oinarrizko hiru helburu hartu dira kontuan nagusiki:

1. Gramatikari perspektiba diskurtsibo-testuala ematea.

Hizkuntzari eman nahi zaion ikusmolde komunikatiboaren ildotik, hizkuntz erreflexioak perspektiba berri bat hartzea komeni da.

Horregatik, eduki gramatikaletan, gramatika tradizionalean ohiko diren elementuez gain, ez-ohiko eta berri diren batzuk ere sartu behar izan dira: testua, kontestua, deixia, antolatzaileak, koherentzia, kohesioa, testu tipologia, etab...

Gramatikaren antolaketa ere molde berrira egin da: testua - perpausa - hitza - fonema (letra).

2. Erreflexio lanerako osagarri izatea.